• 25
    URR
    "Eremu euskalduneko" nafar erdaldunak presiopean bizi direla dio Euskarabideko zuzendariak
    Maximino Gomez Euskarabideko zuzendaria. NAFARROAKO GOBERNUA/WIKIPEDIA

    Maximino Gomez Nafarroa Garaiko "eremu euskalduneko" erdaldunen alde agertu da Nafarroako Parlamentuan. Bere aburuz, euskararen erabileraren presiopean bizi dira. Aitzitik, ez du egunero-egunero hizkuntza eskubideak ukatuak dituzten euskaldunen alde hitzik egin.

    "Euskararen erabileraren presiopean daude herritarrak eremu euskaldunean. Egoera horrek hizkuntzaren kontrako jarrera sortzen du, eta hori gertatzea arrazoizkoa eta logikoa dela uste dut". Horrela mintzatu da Maximino Gomez Euskarabideko zuzendaria. V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak aztertzen ari zela egin du balorazio hori. Izan ere, Vascuencearen legeak "eremu euskaldun" bezala izendatzen duen lurraldean jaitsi egin da euskararen sustapenaren aldekotasuna. Gomezek azaldu duenez %3,2 zen 2001ean; eta %9,4, berriz, 2011n. Horren arrazoia erdaldunek ustez jasotzen duten presioa izan da Euskarabideko zuzendariaren esanetan.

    Hizkuntza eskubideak zapaldurik eta ukaturik dituzten herritarren aldeko hitzik, aitzitik, ez du izan. Izan ere, Vascuencearen legeak hiru eremutan banatzen du Nafarroa Garaia: "eremu euskalduna", "eremu mistoa" eta "eremu ez-euskalduna" bereizten ditu Legeak. Lehenbizikoan ezinezkoa da euskaraz bizitzea, bigarrenean ez dira eskubide guziak aitortzen, eta hirugarrenean hizkuntza eskubideak ukatu egiten zaizkie herritarrei.

    Nork jasaten du presioa?

    Bestalde, Maximino Gomezek ahantzi egin du "eremu euskaldunean" euskaldunek presio handia bizi dutela. Azken hilabeteetako kasu bi ekarriko ditugu gogora. Alde batetik, Berako Udalak ezin izan du epaiketa prozesu bat euskaraz aurrera eraman. Epaileak gaztelania erabiltzea erabaki zuen, Berako Udalak eskatutakoaren aurka. Bestalde, Sakana eskualdean Beleixe irratiak behin behinean emititzeari utzi dio. Izan ere, Nafarroako Gobernuak ez du diru laguntzarik banatu euskaraz diharduten hedabideen artean.

    Eremu euskaldunean euskaraz bizitzeko trabak anitz badira, beste bi eremuetan egoera hagitzez larriagoa da. "Eremu ez-euskaldun" deitzen duten horretan, adibidez, haurrek ukaturik dute euskaraz ikasteko eskubidea. Behatokiak Artaxoa eta Mendigorriako bi amaren testigantzak jaso ditu berriki "Maite ditugulako" dokumentalean. Egoera hori salatzeko hainbat ekimen eraman dira aurrera, Sortzen-Ikasbatuazek Mañerun egindako itxialdia kasu. Baina horiek arazoaren ertzak baino ez dira. Hamaika adibide paratu daitezke, euskaldunen eskubideak ukatu egiten baititu Vascuencearen legeak. Beraz, nork jasaten du presioa?

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.